XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbait orrialde lehenago ikusi den bezala, liberalismoak dakarren gizartearen berrantolakuntzak ekonomikoki egoera aski finkoa ez duten guztien akabera sortaraziko du, hots, sektore honetako kide gehientsuen kasua.

Egoera ekonomikoa arrunt aldatzen zen batetik bestera, baina XVIII. ezkeroztik polarizaketa prozesuari ekiten zaio: gizaki batzuk errenten igoerari, gari eta ikatzak duten prezioaren askatasunari, lehen goldatze berriei eta abarri onura ateratzen dieten bitartean, beste zenbaitek ez dituzte aspaldiko finkak birbalioztatzen eta zorretan sartzen hasiko dira.

Maiorazkoaren eginkizuna nekazal ustirapenari eustean datza: seme-alaben artean zatitzekotan errentagarritasunik txikiena ere ez bait zukeen eskainiko.

Baina errentagarritasun erizpide hau eta arrazoizko ustirapen kapitalista batean izan daitekeena ez datoz bat inola ere.

Lotura desjabetzeko ezintasunak jauntxo hauetatik askori ematen dio aukera bertako oligarki egoerari heltzen jarraitzeko, nahiz probintzia mailako boterea lurjabeen esku geratu den.

Erdipurdiko jabe hauek, errentak gaurkotu gabeak, maiz zorpetan, ezin litezke gerta desamortizaketaren onuradun.

Lotura eta hamarrena desagertzean patroi asko laikuak ziren eta gehiengoari aintzin taldetzat suntsi zitezkeen.

Frantses armadaren kontra nabarmendu ziren Independentzi gerratearen ondoren hasiko dira Diputazioetan boterea eskuratzen, are gehiago Hirurtekoan, Fernando VII.ak mesedeturik, oligarkiak azaldutako apaltasuna ikusita.

1815-1825 urteetan erdietsiko dute liskar xumeak bertako aginteek erabakitzea: nekazari eta diruemaleen arteko istiluak nekazal alkateek zuzentzen dituzte (hauek kaparetzari datxezkiolako), nekazarien eta hiriko aberatsen arteko gatazka biziagotuz.

Nekazarien ararteko naturalak direla edo Ramón del Ríok kleroari buruz dioskun legez indar eragilea dela, kontua da nekazal noblezia xume hau karlisten saldoen buruzagi dela orain ere, Hirurtekoan eta frantsesen kontra jazoa zen bezelaxe.

Hortxe dugu Zumalakarregi adibide bizia.

Minak derranez, beste lurraldeetan honelako kapareen gabeziak nekazalgoaren atsekabea karlismoaren alde bideratzea eragotzi zuen.

Aintzinako Erregimenaren alde egiten duten defentsa noski, erabatekoa da, beraz, Foruak barne dautza.

3.2. NEKAZALGOA.

Nekazariak, klergoarekin batera, galtzaile nagusiak ditugu krisi aldi epe luze honetako erregimen batean zein bestean.

Biziraupenezko krisialdiari prezioen eta errenten igoera eta komunaren galketa erantsi zitzaizkion.

Gerrate batzuren ondoren nekazal produktuen prezioak beherantz hasten dira, errentak monetarizatzen ziren eta lurraren emaitzak eskuratzeko gehien gastatu behar zen une hartan bertan, hain zuzen.

Zergak jasanezin bilakatuko dira gerra zorian, honakoa Independentziako baino suntsierazleagoa izaki.

Bakea erdietsiz gero bakarrik hautemango da nekazalgoan nolabaiteko hobekuntza patatari esker batez ere.

Errentarien eta errentarik ordain ezin dezaketen alderraien kopurua gehitu egiten da.

Praktikan, jabe askotxok hain errenta handiak ordaintzen zituztenez ia aurreneko horietatik ez ziren bereizten.

Honelako jaberik gehientsuenak herriska txiki eta txiroenetan dautza, hementxe karlismoak indarrik handiena izango duelarik.

Aintzinako Erregimenak ezertan ere onurarik suposatzen ez zion arren, euskal nekazalgoak liberalismoari azalduko dion errefusaketa egiaz bortitza izango da, honakoak errentamendu askatasuna, errenta ordaintzearen monetarizazioa, soroen hersketa, komunalen pribatizazioa, aduanen leku aldaketagatik behar beharrezko produktuen garestitzea, zerga handiagoak, halabeharrezko soldadutza eta honelako beste batzu eskaintzen bait zizkion.